Udalak programa bi atera ditu langabezian dagoen herriko jendeak lana bilatu dezan: 'Esperientzia +45' da aurrenekoaren izena, manufaktura-sektorean lan egin eta bihar barik geratu diren45 urtetik gorako pertsonentzat pentsatutakoa. Bigarrena “Zu zeu gidari” dugu, 35 urte edo gehiago eduki eta erdi-mailako edo goi-mailako heziketa dutenentzakoa.
Esandako programa bi horien jatorria, oinarria, Eibarko Udalaren ekimenez 2015. urtean sortutako Enplegu Mahaian dugu. Mahai horretan eskualdeko 8 Udalek, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak, enpresetako gerenteek eta Debegesak hartzen dute parte. Enpleguaren alorrean garatzeko Mahai horretatik sortutako ekimenak eta proposamenak koherenteak dira enplegu-eskatzaileen profila aztertzerakoan ateratzen diren emaitzekin; ekimenok bat datoz enpresek dauzkaten premiekin edo/eta enpresetan kolokatzeko dauden aukerekin.
Lehenengo programa, Esperientzia+45deritzona, 45 urtetik gorakoak izan, manufaktura-sektorean lan-esperientzia eduki eta, gaur eguneko egoera ekonomikoagatik, lanik gabe geratu diren pertsonei zuzendutakoa dugu: pertsona horien lanbide-orientazioari norabidea eman eta berriro kolokatzeko asmoz egindako proiektua. Programa horretan 15 pertsona izango dirahartuko direnak, eta lana bakoitzarekin egingo da, era pertsonalizatuan.
Proiektuak atal bi ditu: bata, planaren hartzaileei zuzendutakoa; bestea enpresentzat pentsatutakoa.Lehenengo atalean,goraxeago esandako profil hori duten pertsonak identifikatuko dira; gero, nortzuk izango diren aukeratuta, pertsona horien gaitasun teknikoa eta pertsonala, horien trebetasunak eta indarguneak aztertuko dira.Hurrengo urratsa hautagaien enplegagarritasun-mailari buruzko diagnostikoa egitean datza, haien motibazioa eta aktibazioa aztertzean. Hori egin ondoren, kualifikazio-baliabideen orientazio-prozesua egingo da; eta hor egon daiteke baita pertsona horiek dauzkaten gaitasunak homologatzeko aukera, profesionaltasun-ziurtagiri bidez edo beste bide batzuen bitartez homologatzeko parada edo egokiera. Ekintzailetzarako trebetasunak eta jarrerak garatuta emango zaio amaiera proiektuari.
Aldi berean, Eibarko industriek edo tailerrek duten kontratazio-premiak aztertuko dira100 enpresa ingururekin hartu emanetan jarrita, enplegua sustatzeko edo kontratatzeko laguntzen inguruko programen berri ere emanez.Programa horrek lagundu egingo du proiektuan sartutako pertsonen profila enpresek edo tailerrek dituzten beharrekin hobeto egokitzen.
35 urtetik gorakoentzako programa
Eibarko Udalak enplegu-sustapenean laguntzeko abian jarri dituen ekimenen artean, beste bigarren programa bat ere badugu: “Zu zeu gidari” du izena eta enplegurako autogestio-sare bat sortzean datza, erdi-mailako edo goi-mailako prestakuntza duten 35 urtetik gorakoentzat pentsatutakoa.
“Zu zeu gidari” programak —hasiera batean behintzat— hogei parte-hartzaile aukeratuko ditu, eta bigarren fase batean, aukeratutako pertsona horiek hartu, entrenatu (gaitasunak landu), autogestionatutako taldeak eratu (partehartzea, bisitak, prospekzioa) eta banan-banan laguntzeko saioak egingo dira.Hortaz, pertsona horien enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko xedez, Debabarreneko Aholkulari Sarearekin hainbat bilera egingo dira.
Eskaerak Pegoran sartu behar dira azaroaren 16tik 28ra bitartean.